XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Industriaren adar guztiak, bestalde, gero eta ihartzenago ikusten ditugu, baitezpadako neurriak hartzen ez direlako.

c) Hirugarrenik, turismoaren indarra izarigabekoa kausitzen dugu.

Aipa dezagun xehekiago Estatuak Euskal Herriarekiko daraman jokabidea.

Turismoa zuten hautatu, hedabide bakartzat, Iparralderako.

Alabaina, kezka eta borroka gogorrak sortu dira jokabide horren kontra.

Eta orain, kezka horiek arintzeko, politika berri bat eskaini digute: herrien antolamendua, alegia; esan nahi bait da, lantegiak sorteraztea lanpostuak gutxitzen diren lekuetan.

Horrexegatik, hain zuzen, katalogatu dituzte Zuberoa eta barnealdeko kantonamendu gehienak zones critiques edo kinka larrian aurkitzen diren zonaldeak bezala.

Egia esan, hori ez da deitzeko modu bat bakarrik, laguntza handi bat ere bai noski.

Horra nola, esate baterako lantegi bat eraikitzeko, Akitaniak edo Estatuak nahi adinako primak ematen dituen: 150.000 frankotara bitarteko diru-kopuruak lantegiaren hastapenetan; 40.000 franko, sortzen den lanpostu berri bakoitzeko; tresneria erosteko primak eta beste.

Hala ere, inork ezin dezake egiazta zer-nolako ondorioak ekarriko dituzten laguntza horiek.

Iparraldean, haizu eta erraza da lantegi bat muntatzea, hiruzpalau urtez martxan edukitzea eta beraz, prima guztiez probetxatzea eta gero, langile guztiak kalean jarriz, lantegia ixtea, edo multxo batekin bakarrik geratzea.

Nahi izanez gero, adibide franko eman genitzake diogunaren froga bezala horrelakoxe azpi-jokoak egin bait dira Hazparne edo Mauleko kantonamenduetan, zorigaitzez.

Arazo horri erantzuteko, mugimendu berri bat sortu da azkenaldion bereziki euskal abertzaleen inguruan, HEMEN, HERRIKOA eta beste zenbait kooperatiba bitarteko.

Iniziatiba berri honek, batez ere han 1963-1973 urteak aldera Hegoaldeko abertzaleekin egindako harremanen fruitu ditugu.

Iparraldeko mugimendu politikoak bere lehen urratsak ematen zituen, Hegoaldeko jendearen laguntzarekin eta ekonomiaren arloan Arrasateko mugimenduari esker, bereziki.

Suspertze politiko eta sozial horren ondorioz jaso zen lehen lantegia, han 1971n, Hendaian, Hegoaldeko gauzak muntatzeko eta gero Frantzian barrena saltzeko.

Horren ondotik beste lantegi franko sortu dira Hegoaldeko import-export aktibitatearekin, beti gero eta jende gehiago iniziatiba horren partaide bilakatuz.

Aldi berean, kooperatibismoaren bideak urratzen eta helburuei jarraitzen hasi ziren Iparraldean, irtenbide bezala.

Garai hartan, partzuer zirenen taldeak lan eskerga egin zuen 1971-1975 artean kooperatiben sistema ezaguterazteko eta kooperatiba-sistemako lantegi berri bat (COPELEC) eraikitzeko.

Geroztik, herriaren desira horiek argitu dira, kooperatiben helburuak ikertuak izan dira, Iparraldearen ahalmena neurtu eta jende batzuen gogoetak sustatu.

Hortik landa, bi egitura indartu dira bereziki: Herrikoa eta kooperatibak dei genitzakeenak.

HERRIKOA, edo herriko aurrezkia lanpostuak sortzeko erabiltzea / Egiturak: HEMEN, HERRIKOA, CERSEB

Ezer esaten hasterako, aipa ditzagun HEMEN elkartearen helburuak 1979an sortua, projektu industrial batzuk burutzeko eta orobat bertako aurrezkia biltzeko asmoarekin, ekonomiari buruzko informazioa zabaltzen saiatzen da elkarte hau, eta baita ere Hegoaldekoekin harremanetan jartzen, elkarren artean industrian lehen urratsak ematen laguntzeko xedearekin Iparraldean.

Elkarte honek plangintza berezi bat jartzen du martxan 1979an: 1.500 enplegu berri sortzea ahal bezain laster Iparraldean, edozein sektoretan, nekazaritzan, industrian edo zerbitzuetan.

Lanpostu horiek finantzatzeko, bertako aurrezkia behar zuten bildu eta beste kutxetatik egitura berri batera bihurtu.

Horrelaxe muntatu zuten, beraz, Herrikoa taldea, inbertsioa sor zezan.

Elkarte hau 1980an sortu zuten, honako helburu hauekin: - Bertako aurrezkia bateratzea, lanpostu berriak sortzeko.

- Nahi duen lantegiri laguntza eskaini, gestio komertzialari edo problema finantzarioei ihardetsi ahal izateko.

-1.500 lanpostu plan hori bizkortzeko, elkarte berri bat sortzen da 1980an bertan, CERSEB deitzen dena.

Honen helburuak eta xedeak dira.

Iparraldeaz gaindiko gertakari ekonomiko nagusienei segitzea, lantegi guztien izendegi bat muntatzea, non kapitalaren eraketa, langileen kopurua, erosleen eta hornitzaileen izenak, iharduerak eta beharrezko xehetasun guztiak jasotzen bait dira, lantegia zertan den, indartzen ala ahultzen ari den jakiteko eta behar den unean neurri egokiak hartu ahal izateko.

800 lantegiri jarraitzen die elkarte honek eta, azterketak eginez, iharduera desberdinak non indartzen ari diren ikusteko aukera eskaintzen du.

Herrikoaren jokabidea

Biltzen duen kapitala lantegi desberdinetan ezartzen du, lanpostuak ordaintzeko, 5.000-20.000 franko, bakoitzeko, kapital gisa, hau da, interesak altxatuz.

Egia esan, kapital hori biltzeko, kanpaina franko egin behar izan dituzte.

Horra nola banatzen diren kapital-ekarle guztiak: Kapitala (frankotan)/ Frankoak biztanleko / BAB / Itsasaldea / Barne / mendialdea / Diaspora / Guztira.

Ekarleen kopuru-gehitzeari dagokionez, berriz, hauxe izan da:
1980: 690 ekarle, 2.450.000 frankorekin
1982: 865 ekarle, 3.200.000 frankorekin
1983: 1.157 ekarle, 4.300.000 frankorekin
.

Esan behar da, baita, kapital-inbertsio hori ez dela ordaindua interes batekin legeak baimentzen duenaz aparte zergetatik kentzeko.

Beraz, kapital horren eraketak, zera erakusten digu, alegia, jende frankok sinesten duela guk geuk egin genezakeen garapen batean.

Dakigunez, Herrikoa elkarteak 400 lanpostu berri sortzen lagundu edo parte hartu du azken hiru urte hauetan.

Gehiago dena, oraindik berriki kanpaina zabal bat eraman du ALKI Itsasoko kooperatibak, kapitala indartzeko, eta horren ondotik ekarle franko hurbildu dira Herrikoa elkartera.

Hala ere, elkarte horren ekintzak betidanik bereziak izan dira, zeren eta ez bait du nortasun ofizialik.

Frantziako legeek ez dituzten onartzen elkarte horiek, erakunde finantzarioak ez direlako (bankuak bezala), eta ezta lantegien laguntzaile bakarrik bezala ere.

Horregatik, bada, Herrikoa elkartearen estatutuak finkatu beharko dira behin-betiko, nortasun ofizial batek ematen duen konfidantza sor dezan.

Kooperatiben mugimendua.

Esan dugun bezala, kooperatiba-sistema, ideietan bederen, Hegoaldeko lantegietarako bisitaren ondoren hedatu da.

Geroztik hainbat projektu jarri dira martxan: COPELEC lehenik, eta geroxeago Denek Arrosan, Alki Itsason, Orhi Maulen.

Zalantzarik gabe, Deneken sorrerak ezaguterazi du sistema berezi hori; borrokak sortu bait dira horren inguruan, bi politika elkarren kontra jartzen zirelarik: turismoaren aldekoa bata, Garazi eta Baigorriko Contrat de Pays edo Herri-kontratuaren bidez eta kooperatibismoa hedatzearen aldekoa bestea, Denek lantegiaren bidez.

Ez ditugu hemen eztabaida horren xehetasunak aipatuko, baina bai oroiterazi benetan arrakasta handi bat bezala kausitu genuela DENEK lantegia irabazle irtetea.

Parentesi gisa, baita, azpimarra dezagun Hegoaldetik heldu zitzaigula eztabaida horren iturria, zeren eta Lan Kide Aurrezkiak Deneken kapitalean parte hartzen bait zuen, eta hori ezin zezakeen onar frantses Gobernuak, arrisku bat omen zelako.

Inondik ere, euskaldunak elkartzen direnean, nahasmenduak sortzen dira nahitaez....

Dena den, mugimendu hori Iparraldeko probintzia guztietara hedatu da, hemengo geroaren jabe egiteko aukerabide berri bat bezala.

Amets bat bezala kontsideratzen genuen sistema hori; eta, bizkitartean, errealitate bihurtu da zertxobait bederen.

Krisialdiak, hala ere, aukeran ondotxo oroiterazten dizkigu ekonomiaren hersturak, bereziki lantegi bat bakarrik sartzen denean joko horretan.

Horregatik, kooperatiba guztiak elkartu egin dira eta Lana taldea eratu.

Lanaren xedeak

Hasteko esan dezagun, zurgintzaren arloko lantegien (Denek, Alki, Orhiren) bultzatzaile izan behar zuela Lanak.

Geroztik gauzak aldatu egin dira eta kooperatibak elkartu, denek batera lan egiteko, Hegoaldean beste hein batean División Empresarial delakoarekin egiten denaren modura.

Honako hauexek ditugu talde horretan parte hartzen duten kooperatibak: (...).